Erasmus Politikaren Adierazpena (estrategia globala)
CIFP Mendizabala LHII  ikastetxea hezkuntza-zentro publikoa da. Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako hezkuntza-ziklo sorta zabala eskaintzen die ahalik eta azkarren laneratu nahi duten edo beren ikasketei unibertsitatean jarraipena eman nahi dieten gazteei. Era berean, erakunde eta enpresa laguntzaileekin elkarlanean, Enplegurako Prestakuntza eskaintzen dugu.

Egungo testuinguru ekonomikoan, goi-mailako lanbide heziketa ikerketari eta berrikuntzari lotuta dago, eta funtsezkoa izan behar da gizarteari giza baliabide kualifikatuak eskaintzeko. Horrela lortuko da Europako ekonomiaren egungo beharrizan berriei erantzutea; alegia, enplegua sortzea, hazkunde ekonomikoa lortzea eta oparotasuna eskuratzea.

2014-2020 aldirako Goi-mailako Hezkuntzaren Erasmus Gutuna sinatuta, gure erakundea Europako modernizazioaren eta goi-mailako hezkuntzaren nazioartekotzearen alde dagoela berretsi dugu. Hezkuntza-zentroen dimentsio europarra bultzatzen duen Boloniako prozesuari jarraikiz,programan parte hartzea onartzen dugu, modernizatzeko eta nazioartekotzeko gure estrategiaren parte da-eta. Ikasleen nahiz irakasleen zein pertsonal ez irakaslearen mugikortasuna eta Europa mailako nahiz nazioarteko lankidetzarako proiektuetan parte hartzea funtsezkoak dira goi-mailako hezkuntza-programen eta ikasleak eskura ditzakeen hezkuntza-esperientziaren eta esperientzia profesional nahiz pertsonalaren kalitatea hobetzeko.

Ikastetxeak bere egin du Europar Batasuna modernizatzen nahiz goi-mailako hezkuntza nazioartekotzen laguntzeko konpromisoa, hainbat ekintzaren bidez:

  • Hezkuntza errendimendua hobetzea, Europak behar dituen goi-mailako tituludunak eta ikertzaileak eskaintzeko.
  • Goi-mailako hezkuntzaren kalitatea eta garrantzia hobetzea.
  • Kalitatea sendotzea, mugikortasunaren eta mugaz gaindiko lankidetzaren bidez.
  • Goi-mailako hezkuntza, ikerketa eta enplegu-kalitatea eskualde-garapenarekin lotzea.
  • Kudeaketa eta finantzaketa hobetzea.


Prestakuntzan mugikortasuna eratzea lagungarria da pertsonen maila profesionala, soziala eta kulturartekoa areagotzeko, baita beren gaitasunak eta enplegagarritasuna hobetzeko ere. Hori da hezkuntza nazioartekotzeko eta modernizatzeko gakoa, eta Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparrua garatzeko tresna nagusia. Arrakasta, errentagarritasuna eta kalitate nahikoko emaitza jasangarriak lortzeko, argi zehaztutako jarduerak antolatu behar dira –mugikortasuna abiarazi aurretik, indarrean den bitartean eta amaitu ondoren– hezkuntza-komunitate osoari dagokion erakunde-mugikortasuneko kulturaren esparruan.

Mugikortasuna Goi-mailako Hezkuntzarako Erasmus Gutunaren titular diren erakundeek sinatutako aurretiazko erakunde arteko akordioen esparruan besterik ez gauzatzeak ahalbidetzen du alderdi bakoitzari dagozkion eginkizunak eta ardurak ezartzea eta mugikortasuneko parte-hartzaileak hautatzeko, prestatzeko, hartzeko eta integratzeko kalitate-irizpide komunekiko alderdi bakoitzaren konpromisoa zehaztea.

Erasmus Gutunaren printzipioekin ados egonik, ikastetxe honen jarduerak helburu argia du.
Alegia, gutunean ezarritako helburuak betetzea, ondoko jarduera hauetako batean edo gehiagotan parte hartuta:

  • Ikasleen eta irakasleen zein irakasle ez diren langileen mugikortasuna (Europan eta/edo hirugarren herrialdeetara/herrialdetatik).
  • Aliantza estrategikoak eta ezagutza-aliantzak EBko herrialdeekin eta EBkoak ez direnekin, eta hirugarren herrialdeekin proiektuak garatzea.


Ikastetxearen politika instituzionalaren elementu nagusiak mugikortasuna eta lankidetza dira. Horretarako, honako hauek gauzatzen ditu:

  • EBko edo EBtik kanpoko herrialdeetako kideekin lankidetza garatzen du, nazioartekotzeko estrategia argi baten esparruan;
  • ikasleen eta irakasleen mugikortasuna sustatzen eta laguntzen du, eta inor ez baztertzeko politikak are gehiago garatzen ditu;
  • irakaskuntza-jardueren kudeaketa integratua eta nazioz gaindikoa garatzeko politika argia zehazten du (ikastaroak / moduluak / baterako ikasketa-programak, programa bikoitzak / anizkunak / gradu-egituraketak);
  • banakako mugikortasunean edo kide estrategikoekin lankidetza proiektuetan parte hartzen duten irakasleek lortutako emaitzei ikusgarritasuna ematea zein garrantzitsua den onartzen du;
  • ordura arteko mugikortasun-emaitzak kontuan hartzen ditu, eta, horrenbestez, nazioarteko lankidetzan hobetzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du.


Ikastetxe honek Erasmus Programan ezarritako ez baztertzeko printzipioak osorik betetzeko konpromisoa hartzen du, hala nola mugikortasuneko parte-hartzaileen, beren ezaugarriak edonolakoak direla ere, sarbide- eta aukera-berdintasuna bermatzekoa.

Erakunde arteko akordioak behar bezala gauzatzeko eta alderdi guztien mugikortasun egokia lortzeko asmoz, kontuan hartuko dira honako antolaketa- eta gauzatze-irizpide hauek:
Institutuaren Hezkuntza-eskaintza web gunean aldian-aldian argitaratzea eta eguneratzea, behar besteko aurrerapenarekin eta zikloak emango diren hizkuntza zehaztuta, alderdi guztiekin gardentasunez jokatuz eta ikasleek mugikortasun-aldien aurretik zuzen erabakitzea ahalbidetuz.

  • Bi erakundeen (ikastetxea edo enpresa) bateragarritasunaren gaineko aurretiazko ikerlana egitea eta ikasle-trukeen kopurua nahiz egonaldiaren iraupena ezartzea.
  • Hezkuntza-, hizkuntza- eta jarrera-egiaztapena, parte-hartzaileak mugikortasunerako prest daudela ziurtatzeko.
  • Errefortzuko 120 orduko ingeles-ikastaroak ematea, batez ere mugikortasunean parte hartu nahi duten ikasleei zuzenduta egongo direnak, hizkuntza-gaitasun beharrezkoa lor dezaten (B1).
  • Ikasketa-kontratua gauzatzea (ikasketak, praktikak eta/edo bien konbinazioa egiteko), ikasleen mugikortasunaren arrakastaren oinarri garrantzitsuenetako bat denez.
  • Jatorri-ikastetxeak praktikaldiko jardueren jarraipena egitea bermatuko du. Jarraipena egiteaz LTPko tutorea eta enpresako hezitzailea arduratuko dira aldi berean.
  • Mugikortasuneko parte-hartzaileek Erantzukizun Zibileko Asegurua eta Istripu-aseguruko poliza izango dituzte, Eusko Jaurlaritzak emanda, Europako Osasun Txartelaz gain. Horrenbestez, mugikortasunak iraun artean gerta daitezkeen kontingentziak estalita egongo dira. Ezinbestekoa da aseguru horiek edukitzea.
  • Europako herrialdeetako eta Europakoak ez direnetako mugikortasun-aldiaren errekonozimendua bermatuta egongo da.
  • Parte-hartzaileek mugikortasunaren azken ebaluazioaren txostena bete beharko dute.


Gure ikastetxea modernizatzeko eta nazioartekotzeko estrategiaren barruan, eta Goi-mailako Hezkuntzarako Erasmus Gutunaren titularrak diren erakundeek aurretiaz sinatutako erakunde arteko akordioen esparruan, parte hartuko duten hiru aldeek (ikaslea, jatorri-erakundea eta helmuga-erakundea/enpresa) sinatu beharreko Praktika-kontratua edo Training Agreement-a gauzatu behar da mugikortasuna abiarazi baino lehen. Lantokian egingo diren eginkizunak agertu behar dira agiri horretan. Alde guztiek onartu beharrekoa da lan-plan hori: bi erakundeek eta parte-hartzaileak.

Mugikortasun-prozesuan zehar, parte-hartzaileek Europako Proiektuen Koordinatzailearen, ikastetxeko LTPko arduradunaren, zentroko LTPko tutorearen eta enpresako hezitzailearen aholkuak eta laguntza jasoko dituzte, baita hizkuntza saileko irakasleenak ere, eta horrek herrialde parte-hartzaileek elkarreragitea ahalbidetuko du.

Boloniako Adierazpenaren helburu nagusietako bat ECTS kreditu-sistema da. Sistema horrek atzerrian emandako ikasketa-aldiak balioesteko bidea ematen du, eta Europako ikasleen mugikortasunaren kalitatea eta kopurua areagotzea dakar. ECTS metaketa-sistema bihurtzen ari da orain, eta erakunde-, eskualde-, Estatu- eta Europa-mailan ezarri ahal izango da.

Ikastetxeak, prestakuntza-ziurtagiria jaso ondoren, mugikortasun-aldiaren errekonozimendua bermatuko du, emandako kredituen bidez (ECTS), errekonozimendu instituzionalaren esparruan ezarritako baldintzen arabera. Horixe bera dago adierazita Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan. Era berean, zuzen gauzatutako mugikortasuneko ikasketak edo praktikak ikaslearen lorpenen behin betiko erregistroan (Tituluaren Europako Gehigarria edo baliokidea) sartzea bermatuko du. Lantokiko Prestakuntzako modulua gauzatzeak 22 ECTS kreditu eskuratzea dakar. Goi-mailako Lanbide Heziketako ikastaro batek, berriz, 120 kreditu.

Europass bost dokumentuko sistema bat da, gaitasunak eta kualifikazioak Europa osoan modu erraz eta ulergarrian aurkezteko lagungarria dena: online bete daitezke curriculum vitaea, Europassa eta Europass Hizkuntzen Pasaportea. Gainerako hiru dokumentuak (Europass Mugikortasuna, Teknikari Tituluaren edo Profesionaltasun Ziurtagiriaren Gehigarria eta Goi-mailako Teknikariaren Gehigarria) administrazio eskudunaren dagokion organismoak jaulkitzen ditu.

Mugikortasunean parte hartzen duten ikasleek Europass curriculum vitaea, aurkezpen-gutuna eta egindako lanen bilduma egin beharko dituzte, ingelesez edo harrerako herrialdeko hizkuntzan eta formatu digitalean, mugikortasuna egingo den enpresetan edo zentroetan aurkezteko.

Praktikak amaitzean, enpresak edo erakundeak ziurtagiri bat emango du, ikasleak mugikortasuna behar bezala burutu duela egiaztatzen duena.